Albisteak

“Gabrielle” eta “Omar” filmak eta immigrazioari buruzko film labur bilduma bat iritsi dira katalogora

2015-03-31

Giza eskubideak dira hiru nobedade hauen ardatza.

 

Gabrielle (Kanada, 2013)

Louise Archambault zuzendari kanadarraren Gabriellek Williamsen sindromea duen emakume gazte baten istorioa kontatzen du. Abesbatza bateko kidea da eta bertako adiskide batekin maiteminduta dago. Taldea garrantzi handiko jaialdi batean parte hartzeko prestatzen ari da Gabriellek, bere autonomia erakusteko eta Martinekin maitasunezko istorio bat bizitzeko, aurreiritzi klase guztiei eta bere mugei aurre egiten dion bitartean.

Toronto, Locarno (Ikusleen Saria lortu zuen bertan), Gijon eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian hartu du parte filmak besteak beste eta Oscar Sarietan Kanada ordezkatzeko hautatua izan zen 2013 urtean.

 

Omar (Palestina, 2013)

Omar gazte palestinarra balak saihestera ohitu da Nadiari, bere maitasun sekretuari, bisita egin eta horma gurutzatzen duen bakoitzean. Egunez okin lanak egiten ditu; gauez, berriz, Israelen okupazioaren kontra borrokatzeko prestatzen da bere haurtzaroko lagunekin. Ordea, bere bizitza betirako aldatuko da egun batean... Indarkeria, traizio eta gorrotoak ekarritako zurrunbilo batek harrapatuko du.

Hany Abu-Assad (Paradise Now) zinemagile palestinarraren film berri honek Canneseko Zinemaldiko Un Certain Regard sailean Epaimahaiaren Saria erdietsi zuen 2013an. Urte berdinean Ingelesa ez den hizkuntza batean egindako film onenaren Oscar Sarirako izendatu zuten.

 

Immigrazioa film laburrean

Emakumea film laburrean bildumarekin emakumeari egun eragiten dioten problema anitzen inguruko hausnarketa bat sortu zuen Filmazpitek eta orain Immigrazioa film laburrean bildumarekin tituluak berak argi azaltzen duen problematikari eutsi nahi dio. Kasu honetan, arrazoi ezberdinengatik eurena ez den herrialde batera modu batean edo bestean iritsitako gizon eta emakumeak dira bilduma osatzen duten film labur hauen protagonistak. Bizitza berri bat hasi nahi dute baina koiuntura eta klase politikoa eta legegileek ezarritako arau zorrotzekin topo egingo dute herri-hartzaileetan, klandestinitatea, mehatxua, bortxa, esplotazioa edota legearen babesetik kanpo biziraun behar izatearen ondorioetara gerturatuz.

 

Bizitzan bezala, oinarrizko eskubideen urraketa hauei eta baita gehiagori ere aurre egiten saiatuko dira hainbat eta hainbat zinemaldietan proiektatutako eta saritutako bost film labur hauetan ezagutuko ditugun pertsonak.

 

Aïssa (Frantzia, 2013)

Egoera irregularrean bizi da Frantzian Aissa, Kongon jaiotako emakume gaztea. Adingabekoa dela esaten du; aginteak, berriz, 18 urtetik gorakoa dela. Herrialdean gera daitekeen ala ez erabakitzeko sendagile batek azterketa oso bat egingo dio.

Bahar im Wunderland (Alemania, 2013)

Neskato kurdua da Bahar, Siriatik ihes egin duena bere aitarekin batera. Alemaniara iritsi dira, arrisku askoren mehatxupean aurkituz. Neskatoak, ordea, badaki ikusezin bilakatzen arazo horiek saihesteko.

Einspruch VI  (Suitza, 2012)

2010 urtean gertatu zen deportazio lazgarri baten kasua Suitzan asiloa eskatzen zuen gazte afrikar baten begietatik ikusia.

Rétention (Frantzia, 2013)

Etorkinak atxikitzeko zentro batean, abokatu bat bere bulegora iritsitako gizon ukrainar baten kasuan ari da lanean. Erloju kontrako beste gatazka bat hasi da kanporatua izan ez dadin.

Se taire (Frantzia, 2012)

Gauero bezala, Souleymane, paperik gabeko etorkin bat, enpresa bateko bulegoak garbitzen ari da. Baina egun hau ezberdina izango da, gainditzen dion egoera bati aurre egin beharko dio eta…

 

Short Term 12 eta Koaderno handia filmekin gertatzen den moduan, Gabrielle eta Omar filmen edizio komertzialak (Karma eta Golem banatzaileak hurrenez hurren argitaratuak) euskarazko azpidatziak dituzte Filmazpiti esker. Hiru titulu berri hauek gehitzearekin batera, katalogoa 37. erreferentziara iritsi da.

Atzera

Erantzunak




Victoria Eugenia Antzokia
Reina Regente, 8
Donostia 20003

filmazpit@gmail.com

+34 609 392 468

Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimena

Kudeatzaileak

Laguntzaileak