Albisteak

SAD VACATION eta JANIS: LITTLE GIRL BLUE dokumental musikalak Filmazpit katalogoan

2017-06-14

Oihaneder Euskararen Etxearekin elkarlanean, musikarekin estuki lotuta dauden bi dokumental sartu dira Filmazpit katalogoan: Sad Vacation (2016) eta Janis: Little Girl Blue (2015) filmek punk eta blues mugimenduko mito bilakatu eta gazterik hil ziren bi pertsonengana hurbiltzen gaituzte, Sid Vicious eta Janis Joplin.

"Take another little piece of my heart" abesten du Janis Joplinek Piece of My Heart abestian eta Amy Berg zuzendariak, musikaren historian zehar barreiaturik zeuden puska horiek guztiak bildu ditu Janis Joplin izar distiratsuaren irudia eraikitzeko Janis: Little Girl Blue dokumentalean. Zuzendariak, bizirik dauden eta Joplinen bizitzan garrantzitsuak izan ziren ia pertsona guztiak elkarrizketatzen ditu. Artxibo irudiak eta Joplinek berak etxekoei idatzitako gutunak ere erabiltzen ditu, azken hauek, Cat Power abeslariak biziki ongi interpretatuta. Berg-i, Janis-en hauskortasuna erakustea interesatzen zaio horren goiz eta azkar itzali zen izarraren erretratua egiteko. Bergen lanean erakusten denez, Janis, etxeko nahiz Texas kontserbadorean kokatzen den bere jaioterriko ardi beltza izan zen. Gizarteak emakumeari eskatzen zizkion roletan bere burua ezin kokatu eta handik Kaliforniara alde egin zuen ibilbide musikala askatasunez eraikitzeko asmoz. Dokumental honen altxorrik preziatuenak baina, Joplinen argitaragabeko artxibo irudiak dira, zalantzarik gabe.

Danny Garcia zuzendariak, Sid Vicious eta Nancy Spungen, punk mugimenduko bikoterik ospetsuenaren azken egunak kontatzen ditu Sad Vacation dokumentalean. “Badira 8 milioi teoria ezberdin” dio elkarrizketatu batek eta noski, Sid Vicious-ekin Chelsea Hotelean partekatzen zuen gelan labankadaz hilik agertu zen Nancy Spungen argitu gabeko heriotzaz ari da. Pentsa daitekeen bezala, dokumentala heriotza hau inguratzen duten hainbat konspirazio teorien baitan eraikita dago, bikotea ezagutzen zuten elkarrizketatuek haien pertsonalitate eta bikote harreman gatazkatsuaren berri ematen digutelarik. Dokumentalak aurkako nahiz aldeko jarrerarik hartzen ez badu ere, bertan agertzen diren testigantza gehienek errefusatu egiten dute Sidek, hilketagatik epaitua izan aurretik gaindosi batekin zendua, Nancy nahita hil zezakeenaren ustea. Gau hartan gertatutakoaren kronologia jarraituz, dokumentalean ez dago krimenaren argitzerik baina bikote gaztea ezagutzen zuen jendearen oroitzapenen bidez Sid eta Nancy-ren erretratu sinesgarria eskaintzen da.

Janis: Little Girl Blue filmak hainbat jaialditan parte hartu du: Venecia, Toronto, Beefeater InEdit, Dock of the Bay... Sad Vacation filmak berriz Dock of the Bay 2016 dokumental onenaren saria jaso zuen.

Atzera

Erantzunak




Victoria Eugenia Antzokia
Reina Regente, 8
Donostia 20003

filmazpit@gmail.com

+34 609 392 468

Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimena

Kudeatzaileak

Laguntzaileak