Albisteak

“Papusza” eta “Falta den irudia” (L’Image manquante) Filmazpit katalogora gehitu dira

2016-06-09

Joanna Kos-Krauze eta Krzystof Krauze zinemagile poloniar ospetsuek zuzentzen dute Papusza (2013), Polonian bere lana argitaratu zuen aurreneko olerkari ijitoaren bizitzan oinarritzen den zuri-beltzeko filma eder hau, eta Rithy Panh Kanbodiar zuzendariarena da berriz Falta den irudia (L’Image manquante, 2013) dokumentala, Khmer Gorriek Kanbodia hartu osteko zuzendariaren haurtzaroko oroitzapen ilun eta landua.

Papusza (2013) filmean, Kos-Krauze eta Krauzek Papuszaren bizipenak islatzen dituzte jaiotzatik hasi eta heriotzaraino: neskatoa zenean ezkonarazi zuten borondatez kontra, nazien izugarrikerietatik ihesi aurrena eta ondoren poloniar estatu komunistaren doktrinamendutik, Papuszaren bizitzan herri ijitoaren ohiturak eta historia ibiltaria laburbiltzen dira XX. mendeko Europaren erdialdeko historia gatazkatsuaren agertoki handian. Jerzy Ficowski poeta izan zen Papuszak literaturarako zuen gaitasuna aurkitu eta bere testuak editatu zituena, baina, harekin izan zuen harremanak ekarri zion paradoxikoki zorigaitza: bere lan poetikoagatik ezaguna izan arren, ijito komunitateak gaitzetsi egin zuen herriaren sekretuak azaleratzea leporatuta.

Kos-Krauze eta Krauze ezagunak dira euren lanean lortzen duten gizatasunagatik eta protagonistekiko erakusten duten errespetuagatik.

Papusza Internacional Film Festival Karlovy Vary 2013 jaialdian estreinatu zen (Epaimahai Nagusiaren Aipamen Berezia, Zuzendari Onenari). Ondoren, honako jaialdietan egon da, besteak beste: SEMINCI 2013 (Zuzendari Onena, Epaimahai Gaztearen Saria, Aktore Onena); Thessaloniki International Film Festival 2013 (Open Horizon Saria, Publikoaren Saria); Rotterdam International Film Festival 2014 (Selekzio Ofiziala); Polish Film Awards (Soinu Banda Onena, Argazki Onena, Produkzio Diseinu Onena); Istanbul International Film Festival (Epaimahaiaren Sari Berezia, Zuzendari Onena).

Falta den irudia dokumentalean Rithy Panh zuzendariak bere bizitzako oroitzapen gordinenak kontatzen ditu Khmer Gorrien propaganda artxibo irudiak eta buztinez eginiko figurak erabiliz. Zuzendariak berak honela laburbiltzen du egindako lana: "urte luzez ibili naiz galdutako irudi baten bila: Kanbodiako gobernuan zeuden Khmer Gorriek 1975 eta 1979 urteen artean eginiko argazki bat. Irudi bat bakarrik ezin daiteke izan genozidio baten proba, baina pentsatzera eta gogoeta egitera behartzen gaitu, Historia erregistratzera. Alferrik bilatu dut fitxategietan, paper zaharren artean, Kanbodiako herrixketan. Gaur, badakit: irudi horrek galduta behar du; beraz, sortu egin dut".

Rithy Panh dokumental eta luzemetrai zuzendari txalotua, Phnom Penh Kanbodiako hiriburuan jaio zen 1964an. Bere belaunaldiko askok bezala, aita, ama eta hainbat familiarteko galdu zituen Khmer Gorrien lan esparruetan. Frantzian finkatu zen eta Pariseko Zine Eskola Nazionalean (IDHEC) graduatu zen. Dokumentalak zuzentzen hasi zuen bere ibilbidea eta sari ugari jaso ditu lan horiengatik. Falta den irudiak Cannes jaialdiko Un Certain Regard sailean ematen den sari gorena jaso zuen (2013), Oscar sarietarako izendatua egon zen atzerriko filma onenari sariagatik (2013) eta Donostiako Zinemaldian parte hartu zuen Perlak sailean (2013), besteak beste.

Lan hauek gehitu ondoren, Filmazpit katalogoak film sorta eklektiko ederra jartzen du interesa duten programatzaile eta eragile kulturalen eskura kosturik gabe proiekzioak antolatu ditzaten. Aurki Filmazpitek honako filma ere argitaratuko du, Fatima (2015). Filma guztiak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskaintzen dira.

Filmazpit, Eusko Jaurlaritzak finantzatu eta Donostia Zinemaldia eta Euskadiko Filmategiarekin batera Donostia Kulturak 2011 urtetik kudeatzen duen euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa da.
 

Atzera

Erantzunak




Victoria Eugenia Antzokia
Reina Regente, 8
Donostia 20003

filmazpit@gmail.com

+34 609 392 468

Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimena

Kudeatzaileak

Laguntzaileak