Albisteak

HASIBERRIA (LE NOUVEAU, 2015) eta KEEPER (2015) filmek estreinatu dute Filmazpit katalogoa 2018an

2018-02-02

Nerabezaroa jorratzen duten bi filma gehitu dira Filmazpit katalogoan. Alde batetik, Rudi Rosenberg-en Hasiberria (Le Nouveau, 2015) filmak Benoît gaztearen gorabeherak kontatzen dizkigu mutil gaztea landa eremutik Parisera bizitzera joaten denean eta beste aldetik, Guillaume Senez-ek bikote nerabe baten ustekabeko haurdunaldiak eragindako buruhausteak kontatzen ditu Keeper (2015) filmean.

Pantailan askotan ikusi dugun istorioa da Hasiberrian kontatzen dena, eskola berri batean ikasle harroputzen aurrean bere lekua topatzeko zailtasunak dituen gaztetxoarena, baina Rudi Rosenberg aktore eta zuzendariak ukitu berriak eransten dizkio bere bertsio honetan. Hasiberria filmean eskolako unibertso konplexuan baztertuak diren ikasleak nabarmentzen dira baina haien ustezko jazarpen egoeran inor baino gehiago dibertitu daitezkeela erakusten digu. Rosenbergek maitasun handiz zuzentzen ditu filmeko aktore gazteak baina nerabezaroko une krudelenak ezkutatu gabe. Zenbait mementotan gogorra egin daiteke filma ikustea errealitate handiz erakusten dituelako helduarorantz ezinbesteko bidean agian geuk ere bizi izandako umiliazio pasadizoak. Esanak esan, Rosenbergen filma adin guztietako ikusleari atsegin egingo zaion komedia argi eta hunkigarria dugu.

Keeper filmean gizartean oihartzuna duten hainbat gai jorratzen dira haurdun dagoen bikote nerabe baten bizipenen bitartez. Egoera honen atzean aurki daitezke heldutasunera igarotzea, konpromisoa, gaztetasunaren bizitasuna edo/eta abortua. Deigarria da Maxime eta Mélanie pertsonaia nagusien papera burutzen duen bikote gaztearen antzezpena. Kacey Mottet-Klein bikain dago bere gizonezko paperean eta zinema frantsesaren promesa berria bezala aurkeztu du Frantziako prentsak. Galatea Bellugi bere bikotea ez da atzean gelditzen eta berak antzezten ditu filmaren unerik hunkigarrienak. Senez-ek etorkizun handiko aktore gazteen antzezpen sinesgarriz betea dagoen gizarte zinema eskaintzen digu lan honetan.

Keeper hainbat jaialditan egon da eta sari nahiz aipamen ugari bildu ditu: Locarno International Film Festival, Concorso Cineasti del presente; Torino Film Festival, Film Onena Saria; Festival de Cine Europeo de Sevilla, Sail Ofiziala; Hamburg Film Festival, Talentu Gaztea Saria; Taipei Film Festival, Epaimahaiaren Sari Berezia; Rotterdam Film Festival, Sail Ofiziala. Hasiberria filmak Zinemaldia 2015 Zuzendari Berria Saria jaso zuen; 2017 Goya sarietan Europar Film Onena sarirako nomintua egon zen edota film onenari Publikoaren Saria jaso zuen IndieLisboa 2016an.

Atzera

Lagun bati bidali





Erantzunak




Victoria Eugenia Antzokia
Reina Regente, 8
Donostia 20003

filmazpit@gmail.com

+34 610 724 162

Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimena

Kudeatzaileak

Laguntzaileak