Albisteak

FILMAZPIT EMANALDI BEREZIA EUSKARALDIAREN BAITAN “HAPPY END” FILMAREKIN

2018-11-12

Filmazpitek Euskaraldian parte hartuko du Zinemaz hitz eta entzun: “Happy End” film proiekzio eta ondorengo solasaldiarekin. Bertaratzen direnak euskaraz zinemaz hitz eta entzuteko aukera izango dute!

Proiekzioa azaroaren 27an izango da Donostian, Victoria Eugeniako Club Aretoan. Arratsaldeko 18:30etan hasiko da eta filmaren emanaldi ostean, Maider Oleaga zinemagileak dinamizatutako solasaldia izango da. Happy End (Michael Haneke, 2017) da ikusiko den filma jatorrizko hizkuntzan eta euskarazko azpitituluekin. Sarrera librea eta doakoa da edukiera bete arte baina beharrezkoa izango da aurrez gonbidapenak jasotzea Victoria Eugenia Antzokiko Leihatilan.

 

Film berriak Filmazpit katalogoan

Happy End da Filmazpit katalogora gehitu den filma berria eta L’Atelier (Idazketa tailerra, 2017) filmarekin batera, eskuragarri dago kosturik gabe irabazi asmorik gabeko proiekzioak antolatzeko. Alde batetik, Laurent Cantet zinemagileak iritzi-trukeak eta eztabaidak izan dezaketen indarra erakusten digu L’Atelier filmean eta beste aldetik, Michael Haneke zinemagileak Europako burges familia baten bizitzaren bat-bateko argazkia dakarkigu Happy End filmean.

Happy End honako jaialdietan egon da besteak beste: Cannes Zinema Jaialdia 2017, Sail Ofizialean; Toronto International Film Festival 2017, Masters Sailean. L’Atelier berriz: Cannes Zinema Jaialdia 2017, Un Certain Regard Saila; Sevillako Zinema Jaialdia 2017, Sail Ofiziala; Marina Foïs 2018, César Sarietan Aktore Onena Sarirako izendatua.

Filmazpit katalogoak jatorrizko bertsioan eta publiko zabal bati zuzendutako kalitatezko film sorta ederra jartzen du interesa duten programatzaile eta eragile kulturalen eskura, kosturik gabe proiekzioak antolatu ditzaten. Filma guztiak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskaintzen dira.

Filmazpit, Eusko Jaurlaritzak finantzatu eta Donostia Zinemaldia eta Euskadiko Filmategiarekin batera Donostia Kulturak 2011 urtetik kudeatzen duen euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa da.

Atzera

Erantzunak




Victoria Eugenia Antzokia
Reina Regente, 8
Donostia 20003

filmazpit@gmail.com

+34 609 392 468

Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimena

Kudeatzaileak

Laguntzaileak